El Aaiun, Ausserd, Smara eta Bojadorreko wilayak 30 km-ko inguruan dauden putzuek hornitzen dituzte. Halere, ur ugari izan arren, hainbat arazori aurre egin behar diete, hala nola, unean uneko gehiegizko ustiapenari eta ateratako ura pixkanaka gazitzeari. Dajla wilaya gainerakoa baino urrunago dago, eta putzu bakar batek hornitzen du (Dajlako ospitaletik gertu).
70eko hamarkadan errefuxiatu-kanpamentuak sortu zirenetik 2001era arte, zisterna-kamioek eramaten zuten zuzenean ura, basamortua zeharkatuta, tanga komunitarioetara. Handik, emakumeek ura jaimetara garraiatu behar izaten zuten, bidoietan edo dendaren oihalez jositako petaketan. 2001etik aurrera, hornidurarako hodi-sareak eraikitzen hasi ziren. Hodi-sare horiek El Aaiun eta Ausserdeko familien % 75engana iristen dira, Samara eta Bojadorreko familien % 60rengana eta Dajlakoen, % 50engana.
Dajla, Smara eta Bojadorren, biztanle bakoitzak 15 eta 20 litro bitartean jasotzen ditu egunero; El Aaiun eta Auserdeko kanpamentuetan, berriz, 9 eta 11 litro bitartean.
Mendebaldeko Saharako agintariek ezarritako arauen arabera, familia bakoitzak (ezkondutako emakume bakoitzak) 1 m3-ko tangetan biltegiratzen du dagokion ura. Hala ere, familien arteko elkartasun-sareek zuzentzen dituzte egon litezkeen desorekak.
Kanpamentuetan, ezinezkoa litzateke bizitzea, ez balitz haietan modu aktiboan parte hartzen duten ehunka emakumek komunitateari egiten dioten zerbitzuagatik, batzordeen bitartez. Elkartasun-espiritu hori ezinbestekoa da munduko basamortu babesgabeenetakoan bizirauteko.
Ur-batzordea giltzarria da edateko ura banatzeko, dela zisterna-kamioien bidez, dela iturrien bidez. Daira bakoitzean, batzorde bat dago, zeina alkatearen mende dauden familien ur-horniduraz arduratzen den. Ur-batzorde bakoitza hauek osatzen dute: presidenteak, idazkariak eta dairako 4 auzoetako ordezkari banak.