Saharaz Blai lehiaketako emaitza diren film laburrak Zinebin izango dira

Ana Sernak eta Paula Iglesiasek zuzendutako ‘Solo son peces’ Sail Ofizialean lehiatuko da eta Elena Molinaren ‘Laatash’ Bertoko Begiradak sailean

Arabako SEADen Lagunen Elkarteak Saharaz Blai ikus-entzunezko lehiaketaren harira ekoiztutako bi film laburrak Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, Zinebin, izango dira.

Modu honetan, Ana Sernak eta Paula Iglesiasek zuzendutako ‘Solo son peces’ filma jaialdi bilbotarraren 61. edizioan estreinatuko da eta Sail Ofizialean lehiatuko da. Dokumentalak Teslem, Jadija eta Dahba biologoek duela gutxi zabaldutako arrain-haztegian egiten duten lana erakusten du, Tindufeko kanpamentuetan, udan 50 gradu zentigradutara heldu daitekeen eremu batean, arrainak gaueko hotzetik babesteko berotegiak harea-ekaitzek apurtzen dituzten leku batean.

Laatash’ Bertoko Begiradak sailean izango da. Elena Molinaren lana Elxeko Nazioarteko Zinema jaialdiaren edota Cadizeko Alcancesen mailako jaialdietan izan da saritua eta errefuxiatuen kanpamentuetan emakumeek egiten duten ur-kudeaketa lanei buruz aritzen da.

Solo son pecesazaroaren 8an proiektatuko da Arriaga Antzokian (20:00etan) eta ‘Laatash’en emanaldia azaroaren 11an izango da, BBK Aretoan (18:00etan).

Bi dokumentalak elkarte gasteiztarrak lankidetza proiektu baten barnean antolatutako Saharaz Blai lehiaketaren emaitza dira eta kanpamentuetako Abidin Kaid Saleh zinema eskolaren laguntzarekin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantziazioarekin ekoiztu dira.

 

Filmazioa amaituta!

Iratxe Aranguren eta Sidi Brahim, Saharaz Blaiko lehen irabazleak

Bigarren irabazleak jendeak aukeratuko du gaurtik otsailaren 22ra arte

Vitoria-Gasteiz, a 2019ko otsailaren 18an. Saharaz Blai bideo lehiaketako bigarren edizioak lehen bi irabazleen izenak ezagutzen ditu. Epaimahaiak Iratxe Aranguren eta Sidi Brahim, “Una necesidad, un esfuerzo” eta “En un lugar del desierto…” lanekin, saritu ditu. Orain, jendeak banatuko ditu bigarren sariak lehiaketaren web-orrian gaur hasiko den bozketa irekiarekin, otsailaren 22ra arte iraungo duena

Bi sariek epaimahaiaren bozka gehienak jaso dituzte. Erabakia Arabako SEADen Lagunen Elkarteko bi kidek, EFA Abidin Kaid Saleh-ko batek eta Fisahara eta Donostiako Giza Eskubideen zinema jaialdietako banak osatu dute bigarren edizioko epaimahaia.

Kategoria bakoitzeko bigarren sariak ikusleen esku daude orain. Otsailaren 22aren 23:59ak arte bere lanik gogokoena aukeratu ahalko dute lehiaketako azken fasera igaro diren lanen artean. Pertsona bakoitzak bozka bana eman ahalko du kategoria bakoitzean. Sistemak bozka bikoiztuak antzemango ditu eta automatikoki ezabatuko ditu.

“Euskal Herria” kategorian Henar Echevarriaren “Agua, Ura, Elma”; Mikel Catedianoren “Absurdo, ¿verdad?”; Ibai Zaitegiren “Ur irioten (Gasto de agua); Ekhi Hontecillasen “Deshidratados” eta Fernando Matías Zarzaren “Agua” lehiatzen dira.

Saharar errefuxiatuen kanpamentuetatik aurkeztutako bideoetatik, ikusleek Mahyub Mohameden “¡Juguemos a un juego!”, Ajheb Yusefen “El agua es el secreto de la vida” eta Ali Salemen “El agua es vida” lanen artean aukeratu beharko dute.

AlBorde Films-en zuzendaritza

Iratxe Lacunza eta Sidi Brahimek apirilean saharar kanpamentuetako EFA Abidin Kaid Saleh zinema eskolan film labur bat grabatuko duen taldean postu bat ziurtatu dute jada. Filma AlBorde Films ekoizpen etxeko Paula Iglesias eta Ana Sernak zuzenduko dute.

Iglesias eta Sernak Alborde Films kooperatiba sortu zuten 2015ean, dokumentalen ekoizpenean espezializatua. Erakunde desberdinekin egin dute lan gizarte eraldaketan ikus-entzunezkoen bitartez eragiteko helburuarekin, hala nola, REAS Euskadi, Pikara Magazine edo Gizatea.

Saharaz Blai ikus-entzunezko bigarren edizioa zabalik

‘Laatash’, lehenengo edizioko taldeak kanpamentu sahararretan grabatutako dokumentala, datorren abenduaren 14an Gasteizko Cortada jaialdian ikusgai egongo da

Gasteizen, 2018ko azaroaren 3an. Arabako SEADen Lagunen Elkarteak ‘Saharaz Blai’ lehiaketaren bigarren edizioa aurkezten du. Euskal Herriko eta errefuxiatu sahararren kanpamentuetako 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen ikus-entzunezko lehiaketa da.

Lehiaketaren helburua parte hartuko duten gazteek uraren sarbiderako giza eskubidearen inguruan hausnartzea da, gehienez, bi minutu eta erdiko bideotan.

Proposamenak aurkezteko epea 2019ko urtarrilaren 31n amaituko da eta bideoek 150 segundoen iraupen totala ezin izango dute gainditu. Web-orri honetan lehiaketaren oinarriak, izena emateko fitxak eta osagarrizko informazioa aurkituko dira: www.saharazblai.saharaelkartea.org.

SEADen Lagunen Elkartea, EFA Abidin Kaid Saleh zinema eskola, FiSahara festibala eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko kideez osatutako epaimahaiak lan hobeen aurretiko hautaketa egingo du. Ondoren, lan horien bozketa herritarrei irekiko da lehiaketaren web-orriaren bidez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzazioa duena.

Guztira lau sari banatuko dira, bi Euskal Herriko parte-hartzaileentzat eta beste biak kanpamentuetako partaideentzat. Saridunak elkarrekin eta zuzendaritza profesionalpean EFA Abidin Kaid Saleh zinema eskolan astebete jardungo dira lanean.

‘Laatash’ Cortadan

Lan honen emaitzak ‘Laatash’ dokumental laburraren urratsak jarraituko ditu. Elena Molina dokumentalistak zuzendutako lana izan zen ‘Laatash’ eta taldea iazko Saharaz Blai lehiaketako irabazleek (Dani Bengoechea eta Oihane Alonsok) eta EFA Abidin Kaid Saleh eskolako ikasleek osatu zuten.

Datorren abenduaren 14an, ‘Laatash’ Gasteizko Cortada jaialdiko Hemengoak sailean proiektatuko da. Arabako SEADen Lagunen Elkarteak ekoiztutako filma, emakume sahararren kanpamentuetako uraren kudeaketa lana dokumentatzen duena, lehenengo aldiz proiektatuko da hirian. Informazio gehiagorako:   www.saharazblai.saharaelkartea.org/laatash

Saharaz Blai lehiaketaren irabazleak ditugu!

Daniel Bengoechea de la Cruz y Oihane Alonso Escudero participarán en el rodaje de un documental en los campamentos de población saharaui refugiada en Tinduf, bajo la dirección de la documentalista Elena Molina

Ura ondasun urria da, eta berau kontrolatzeak gatazka asko eragin ditu

Lurreko uraren % 2,75 besterik ez da geza, eta % 0,01 baino ez dago gainazalean, laku, zingira eta ibaietan. Ehuneko txiki-txiki horren heren bat soilik da ur garbia, eta ez dago berdin banatuta planetaren gainazalean. Ura ondasun urria da, eta egunero albistegietan agertzen diren gatazka askoren atzean uraren moduko ezinbesteko baliabideen gaineko kontrolak eragindako tentsioak daude.

Ura izatea, giza eskubidea

Giza gorputzaren ia hiru laurden ura dira, eta, osasun-, esfortzu- eta tenperatura-baldintza normaletan, egunean bi litro baino gehiago galtzen ditu, zeinak berreskuratu egin behar diren bizirik jarraitzeko. Bizirik jarraitzeko besterik ez.

Horrez gain, osasuntsu egoteko, higiene-baldintza egokiak behar dira, eta elikagai freskoak jan behar ditugu. Baina hori ezinezkoa da eskura behar beste ur izan gabe; horrexegatik guztiagatik, giza eskubidetzat jotzen da. Nazio Batuen arabera, ura izateko eskubideak berekin dakar pertsona orok eduki ahal izatea “norberaren erabilerarako eta etxeko erabilerarako ur nahikoa, osasungarria, onargarria eta eskuragarria”.

Uraren babesleak

Zorionez, badira urak bizitzarako duen balioaz kontziente diren pertsonak eta kolektiboak; hala, ura zaintzen eta babesten dute, kutsaduratik edo industria handien gehiegizko erabileratik babestu ere. Ziurrenik, ezagun egingo zaizu Berta Cáceres, edo herri andetarren borroka Yanacocha meategiaren kontra…