Saharaz Blai lehiaketako emaitza diren film laburrak Zinebin izango dira

Ana Sernak eta Paula Iglesiasek zuzendutako ‘Solo son peces’ Sail Ofizialean lehiatuko da eta Elena Molinaren ‘Laatash’ Bertoko Begiradak sailean

Arabako SEADen Lagunen Elkarteak Saharaz Blai ikus-entzunezko lehiaketaren harira ekoiztutako bi film laburrak Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, Zinebin, izango dira.

Modu honetan, Ana Sernak eta Paula Iglesiasek zuzendutako ‘Solo son peces’ filma jaialdi bilbotarraren 61. edizioan estreinatuko da eta Sail Ofizialean lehiatuko da. Dokumentalak Teslem, Jadija eta Dahba biologoek duela gutxi zabaldutako arrain-haztegian egiten duten lana erakusten du, Tindufeko kanpamentuetan, udan 50 gradu zentigradutara heldu daitekeen eremu batean, arrainak gaueko hotzetik babesteko berotegiak harea-ekaitzek apurtzen dituzten leku batean.

Laatash’ Bertoko Begiradak sailean izango da. Elena Molinaren lana Elxeko Nazioarteko Zinema jaialdiaren edota Cadizeko Alcancesen mailako jaialdietan izan da saritua eta errefuxiatuen kanpamentuetan emakumeek egiten duten ur-kudeaketa lanei buruz aritzen da.

Solo son pecesazaroaren 8an proiektatuko da Arriaga Antzokian (20:00etan) eta ‘Laatash’en emanaldia azaroaren 11an izango da, BBK Aretoan (18:00etan).

Bi dokumentalak elkarte gasteiztarrak lankidetza proiektu baten barnean antolatutako Saharaz Blai lehiaketaren emaitza dira eta kanpamentuetako Abidin Kaid Saleh zinema eskolaren laguntzarekin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantziazioarekin ekoiztu dira.